XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontrol kognitiboek, beraz, psikoanalisiaren defentsa mekanismoen eta egungo nortasunaren teorien estilo kognitiboen arteko zubia eraikitzen dute.

Hala ere, prozesua ez zen posible izango nortasunaren beste teorien lankidetzarik gabe.

Ikus dezagun orain zein izan den teoriarik garrantzitsuenetako batzuen ekarpena, nortasunaren psikologia kognitiboa ulertzeko.

9.5. NORTASUNAREN PSIKOLOGIA KOGNITIBOAN IKUSPEGI FENOMENOLOGIKOA

Korronte humanistak edo fenomenologikoak hiru ideia nagusietan aldentzen dira jarrera psikoanalitikotik: motibazioa, inkontzientea eta determinismoa.

Ez zaie iruditzen bulkadak eta premia biologikoak direnik giza jokaera esplikatzeko arrazoi bakarrak, ez eta ere arrazoi nagusiak.

Alderantziz, predeterminismo biologiko edo situazionaletik urrun, giza premia nagusiak gizabanakoaren autohazkuntzari eta garapen pertsonalari dagozkionak dira.

Inkontzienteari dagokionez, haren existentzia ez da ukatzen, baina haren garrantzia gutxitzen da; pentsatzen da, bizitza konzientean eta autokontzientzian datzala gizakiaren benetako arrazoia.

Gizakiaren ikuskera positiboa da: aktualizaziorantz etengabe hazkuntzan dago; aktualizazioa da jokaeraren benetako jatorria, eta pertsonaren potentzialitateen garapen integroan datza nagusiki.

Giza nortasuna, elementu ezberdinen integrazio joeragatik eratzen da, gatazkagatik edo desintegrazioagatik baino gehiago; azken hauek, eremu klinikotik datozen elementuak izango lirateke, nortasun normalaren eremutik datozenak baino gehiago.

Psikologia fenomenologikoak, pertsonaren errepresentazio mental konzienteen azterketarekiko interesa bultzatu zuen, errepresentazio horietan ezarriz jokaeraren batasuna, eta teoria konkretu desberdinen bidez (batez ere G.A. Kelly-ren teoriaren bidez) pertsonaren psikologia kognitibo diferentzialaren garapena sustatu zuen.

Bitarteko aldagaien ideia lehenengo aldiz sartu zuena Tolman izan zen.

Erantzunak ez dituzte estimuluek determinatzen zuzenki, baizik estimuluen errepresentazio mentalek.

Gestaltistek, haien artean Lewin-ek, kontzeptu hau berrartu zuten eta globalki kontsideratu zuten, bere erlazio guztiekin.

Psikoanalistek proposaturiko jokaeraren azalpenak (premiak) eta konduktismoak proposaturikoak (estimuluak) baztertzen ditu Lewin-ek, psikologiko soilak diren zergatien planu bat zedarritu nahiz.

Beste gestaltistekin batera, garaiko atomismoa baztertu eta beren harreman erreziprokoan kontsideratzen ditu gertakariak.